XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bego bakea, ordea...

Maite dut neure gorputza; zintzo zerbitzatu izan nau, eta, nolanahi ere, ez diot beharrezko dukeen inolako arreta eta txerarik ukatzen.

Honez gero ez dut, alabaina, inongo itxaropenik, Hermogenesek baduela dirudien arren, Ekialdeko bazterrak harrotu ondoren azkenean niretzat ekarri ere egin dituen landare horien ustezko bertute miresgarrietan edota ditxosozko gatz mineral horien dosi zehatzen balizko dohaietan.

Gizon hau, adimen zorrotzekoa bestalde, luze eta zabal aritu zait adorezko perpaus hutsalak errepikatzen, hutsalegiak, tamalez, inor engainatzeko.

Ondo asko daki zenbaterainoko gorrotoa diodan faltsukeria-mota horri, baina, itxura denez, hogeitamar urte baino gehiagotan medikuntzan lan egin izanak nornahiri uzten bide dio beti ere halako arrastoren bat.

Barkatu egin beharko, horraatik, neure zerbitzari leial honi, heriotzaren aurpegia neure begien bistatik ezkutarazteko egiten diharduen ahalegina.

Hermogenes jakintsua da; are gehiago, zuhurra ere bada; beronen zintzotasuna gorteko mediku arrunt bati legokiokeena baino askoz ere handiagoa da.

Munduan nekez aurkituko da ni bezain ongi zaindutako gaisorik.

Baina mugak beti muga, gaindiezinak izan ere; neure zango puztuek ezin naute zutik egonerazi, erromatar zeremonia luzeek dirauten adina; ito egiten naiz; eta hirurogei urte ditut.

Ez ezazu, hala ere, bestelakorik pentsa: oraindik ez nago beldurraren irudipenei amore emateko bezain ahula, itxaropenaren irudipenak bezain absurdoak bait dira berauek, eta, zalantzarik gabe, askoz ere lazgarriagoak.

Neure burua engainatzekotan, nahiago nuke uste onaren bidea hautatu; hartara, ez nuke gehiago galduko, bai, ordea, gutxiago sofrituko.

Amaiera honen hurbil badut ere, ez du zertan bertan beherakoa izan beharrik; oraindik, biharamunera bizirik iritsiko naizen esperantzatan oheratzen naiz gauero.

Lehen aipatu dizkizudan ezin hautsizko muga horien barruan bada ere, oraindino banaiz gauza neure gotorlekuari eusteko, (...).